XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bere ibilkera apartak, beti burua tente zeramalarik, harrotasunez, inguruko gainontzekoen begirunea eskuratuta zuen; erregina zen gure borda hartan.

Beti garbi eta irudi zainduarekin, Inglaterra osoko zezenen ametsa zelarik; azala ikusgarria zuen, brontzezko lapiku eta tresnen kolore berekoa, leuna, neguetako gau hotz eta euritsuetan babes eta bero paregabea ematen zuena, haren ukimen berezia nire gorputzean somatzean, egundoko segurtasun eta sosegua nabari nezakeelarik.

Begibeltz xarmantak zituen, handiak, itxugarriak, nire inguruko arriskuetaz jabetzeko sorturikoak: adarrak, gainontzeko guztiaren par, Inglaterrako edozein behik baino ederragoak zituen, ez oso luzeak, motzak baizik, eta behar den bezela eraturikoak, akatsik gabeak.

Gehiegikerietan dihardudala badirudi ere, horrelakoa zen ene amatxo maitea, beti laguntzeko prest zegoena bere txahaltxoa pozik ikustearren: azkenaldian gertatutakoak nire amarengan ere aurkitu zuen errua eta betirako banandu gintuzten, ordutik, haren hutsunea inork uste baino gehiago nabaritzen dudalarik.

Egunak eta asteak igaro ahala, amaren inguruak uzten hasi nintzen, natura-legez noski, eta kostata izan arren, esnea hartzeari utzi nion, behi eta zezen helduen antzera eguzkiak eta euriak hazitako larreetako belar orlegia jatera igarotzeko.

Gaztaroarekin batera, behi orok jasatekoa dugun gurutzbideari adore handiz aurre egin nion, gizaki zital horiek gure belarri minberetan ipintzen dizkiguten nortasun-adierazleak ezarri beharra; gogoan dut aurreko gauean ez nuela nigan hain ohizkoa zen eran lorik egin, egunsentirako arriskuren bat somatzerik izango banu bezala.

Nik eman nituen garrasi eta ostikoak deskriba ezinekoak izan ziren, lau handikoteren artean eutsi eta bostgarren batek tramankulu batez nire bi belarri gizarajoak zulatu zizkidanean.

Nire bordako behi agure bezain jakintsu hark ia egunero errepikatzen zigun kontu harrigarriaz gogoratu nintzen une latz haietan, mundu honetatik at omen dauden izar argitsuak ikusteko gai izan bainintzen; aste bateko sufrimendua jasan behar izan nuen, entzuteko beste ere gauza ez nintzelarik tramankulu hark nire bi belarrietan sortutako burrunbada zela eta.

Baina zuek bezala, nik ere heldutasunaren abantaila eta dohainak dastatu nituen, baita ongi dastatu ere...

- Uuuuuuuuuhh!!!!!! - Burubelarri entzuten diharduten behiek.

Umeok! Itxi begi eta belarriak!!!

- Zezen ahaztezina zen hura, indartsua, boteretsua... Nire amak niri emandako dohainei esker, eskualdeko zezenik hoberena aukeratu zidaten, edozein behiren ametsetako printzea.

Bere aginpide eta besteekiko nagusigoa aurkezten zuen une oro, lepo sendo haren bukaeran zuen buru handi eta indartsu hura goi-goian zeramalarik, inoiz ez ingurukoen azpitik.